martes, 20 de diciembre de 2011

Euskarazko hedabide multimedien eskaintza Euskal Herrian

Ainara González

Euskal Herrian euskarazko komunikabide multimedia ugari ditugu, alegia, eskaintza nahiko zabala da. Hartzaileari hainbat hedabide ezberdinetan kontsultatzeko aukera ematen zaio, beti ere bilatzen duenaren arabera. Gainera, eskaintza barietate hori hartzailearen ezaugarrietan ere nabarmentzen da. Hau da, gustuak, adina edota jatorri ezberdinetara egokitutako hedabide multimedien zerrenda, zabala da.

Euskal medio indartsuenak bai prentsa idatzian, bai ikus entzunezko arloan Berria eta EITB taldea dira hurrenez hurren. Berriak euskara hutsezko informazioa eskaintzen du Euskal Herria mailan, bai sarean eta paperezko edizioan noski. EITB taldearen kasuan, mota askotako edukiak eskaintzen dizkio hartzaileari, alegia, euskarri ezberdinak erabiltzeko aukera (telebista, irratia eta internet), informazioa, entretenimendua …

Baina nagusiak izan arren, bi hauek ez dira bakarrak. Geroz eta gehiago dira euskarazko edukiak eskaintzen dituzten hedabideak. Gainera, tokian tokiko informazioa eskaintzen dituzten hedabideak nagusi bihurtu dira, alegia, jendeak hurbil duenarengan arreta gehiago jartzen du, urruti gertatu den zerbaiten gainetik.

Tokian tokiko informazio eskaintza dutenen artean; Hitza aipatuko genuke. Gainera, tokian tokiko informazioa emateaz gain, askok beste motako edukiak ere eskaintzen dituzte. Hala nola, informazio espezifikoa eskaintzen duten hedabideak (Elhuyar, Argia, Gaztezulo); hedabide horizontalak (Zu Zeu, Gaur 88) edota eskualde espezifikoetako euskalki hutsean idazten duten hedabide multimediak (Bizkaie).

Beraz, gustu eta behar guztiei egokitutako hedabideak pixkanaka sortuz goazela ikusteak, aberastasunez betetzen du euskal kazetaritza.





Euskarazko hedabide multimedia eta digitalen erronkak

Ainara González

Hedabide digital eta multimedien hazkundea gaur egun gora doala ez da gauza berria; hauen nagusitasuna ukaezina da. Gainera, etorkizunean hedabide tradizionalak ordezkatuko dituztela esan ohi da.

Azken urteetan zehar ikusi ahal izan dugunaren arabera, Euskal Herrian euskara ikasteko grina erakutsi duten biztanleak ugaritu dira, alegia, euskaldun berrien kopurua nabarmen handitu da. Askok euskaltegien laguntza izan dute helburu hori lortzeko bidean. Baina zoritxarrez oraindik, Euskal Herrian bizi eta euskara ez dakitenak ia %60 dira. Igoera honek beraz, ez du lortu euskal hedabideen kontsumoan aldaketa nabarmena eragitea, izan ere, euskara dakitenen artean ere gehienek gaztelaniazko hedabideak kontsumitzen dituztelako.

Euskal hedabide multimediek bi aukeren artean erabakitzera behartuta ikusten dute euren burua. Alegia, edukien eta informazioaren aldeko apustua egitea, edota euskara ahalik eta euskarri gehienetan txeratzea, bezeroak beste hedabide batzuetara joatea saihesteko. Bi aukerak, beraz, ezinbestekoak dira beren biziraupena bermatzeko.

Internetek eta Web 2.0k euskal hedabide multimedien hedapenean parte hartu dute zalantzarik gabe eta nola ez, interaktibitatea eta erabiltzaileen parte hartzea sustatu dute. Izan ere, Web 2.0 fenomeno horren barruan, sare sozialek berebiziko garrantzia hartu dute.

Ahalik eta hedapen handiena bermatzeko hizkuntza mundu mailan ingelesa dela denok dakigun arren (eta gaztelania nazio mailan), internet eta sare sozialei esker euskarak ere bereganatu dezake merezi duen presentzia. Esaterako, gazteek hizkera informala eta laburbildua ikasiko balute, euskara gehiago erabiliko lukete sare sozialetan.